Hondakinak Murrizteko Europako Astea (EWWR) Europako Batzordearen ekimen bat da, enpresek, administrazioek eta erakundeek hondakinen prebentzioaren eta birziklapenaren inguruan egindako ekintzak ezagutarazteko.

Europa osoan ospatzen da azaroaren 19tik 27ra, eta helburu nagusi hauek ditu:

  • Hondakinen murrizketari, produktuen berrerabilerari eta materialak birziklatzeko estrategiei (3R) buruzko kontzientzia sortzea.
  • Parte hartzen duten erakundeen lana nabarmentzea.
  • Herritarrak animatzea eta mobilizatzea, funtsezko ekintza-puntuetan arreta jar dezaten.
  • Interesdunen gaitasuna indartzea, komunikazio- eta prestakuntza-tresna espezifikoak eskainiz.

Euskadin Hiri Hondakinak Koordinatzeko Organoa (HHKO) arduratzen da ekintza hau antolatzeaz, eta izena emateko prozesua errazteko laguntza-zerbitzuak eskaintzen dizkie interesa duten eragileei. Agenteek beren jardueraren deskribapen txiki bat baino ez dute eman behar, eta gainerako izapideak HHKOk egiten ditu.

Sentsibilizazio-ekintza bat antolatzeko interesa duen edozein erakundek edo pertsonak har dezake parte proiektuaren arduradun gisa. Hainbat kategoria daude:

  • Administrazio publikoa
  • Elkarteak/GKEak
  • Enpresak/industriak
  • Ikastetxeak
  • Herritarrak
  • Beste batzuk

Europako Astearen amaieran, HHKOk gehienez 6 hautagai aukeratuko ditu aurkeztutako guztien artean (kategoria bakoitzeko bat). Hautatutakoak 2022ko Hondakinak Murrizteko Europako Asteko sarirako lehiatzeko aurkezten dira, Europar Batasuneko gainerako hautagaiekin batera.