Aurten ere, Emakunderen #emakumeakgora! leloarekin bat egiten dugu. Oraingo honetan, erabaki- eta lidergo-postuetan emakume gehiago aldarrikatzen ditu.

Gaur egun, goi-karguen % 6 bakarrik dira emakumeak. Baina hau ez da prestakuntza faltagatik gertatzen, kristalezko sabai desberdinengatik baizik. Horregatik, Emakundek Euskadiko M8-ko gai nagusi gisa, kristalezko sabaiak ezabatu behar direla azpimarratu du.

Kristalezko sabaiak, zoru itsaskorrak, iruzurgilearen sindromea, konfiantza-arrakala, soldata-arrakala, rolak edo estereotipoak edo gezurrezko meritokrazia dira emakumeei erantzukizun-postuetarako sarbidea zailtzen dieten kontzeptuetako batzuk, eta www.emakumeakgora.eus  kanpainaren webgunean jasotzen dira.

Kudeaketa Korporatiboan Berdintasuna egotearen onurak

Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak arreta jartzen dio emakumeek eta gizonek erantzukizuneko organo eta karguetan duten presentzia orekatuari, sexu bakoitzeko pertsonak ehuneko hirurogei eta ehuneko berrogei baino gutxiago izan ez daitezen.

Horrela, gero eta enpresa gehiagok egiten dute aurrera berdintasunerantz, emaitza oso onuragarriak lortzen. Zenbait azterlanen arabera, erabaki-postuetan emakumeen ordezkaritza handiagoa duten enpresek gainontzekoak emaitzetan gainditzen dituzte.

‘Women Matter’ izeneko kudeaketa korporatiboko genero-berdintasunari buruzko mundu mailako ikerketak adierazten duenez, aniztasuna dagoen enpresetan finantza-emaitza hobeak lortzen dituzte, eta, gainera, langileak, gizonak zein emakumeak, beren lanpostuan gusturago daude emakumeak nagusi direnean. Txostenak adierazten duenez, arrakastaren gakoa erantzukizuna duten emakumeen lidergo mota da, talde lanaz eta plantillaren ongizateaz kezkatuago baitaude.

GRUPO GISMAn badakigu zein garrantzitsua den berdintasuna kudeaketa korporatiboan, eta egunero lan egiten dugu lan-ingurune bidezkoagoak eta berdintasunezkoagoak izateko, gure enpresatik hasita. Izan ere, egungo plantillaren % 54 emakumeek osatzen dute, eta horietatik % 25 arduradun-lanpostuetan daude.